Inprimatu Inprimatu    Castellano   
Komunikablog
Komunikazioari buruzko bloga
2007/08/16

Trianoko mendietako burdin mineralaren zain oparoak, gaur egun erabat agortuak, euskal ekonomiaren eragile nagusi izan ziren mendeetan zehar. Burdina atera eta lantzeko ahalegin ikaragarria egin behar izan zuten; eta horren ondorioz, betiko aldatu ziren ibar horretako paisaia eta jendea. Bide ikusgarri horietan barna murgilduko da aste honetan “Euskal Herria, Bide Batez” saioa, meatzeetako krater abandonatu handietan hasi, eta meatzarien herrixken ondotik, itsasertzeko labarretaraino.

 Bilboko itsasadarraren zainetan, gora eta behera, euskal meatzaritzaren eta industriaren odola zebilen: burdin minerala. Eta hain zuzen ere, burdin horrekin eraiki zuten itsasadarraren bi ertzak lotu zituen garaipenaren arkua: Bizkaia Zubia, 2006az geroztik Gizadiaren Ondarea. Handik burdinaren bihotzaren bila abiatuko dira, mendian gora. Trapagaraneko Escontrilla geltokian Larreinetako funikularra hartu eta burdinaren bide guztia ikusi ahal izango dute: itsasadarra, portua eta itsasoa.


Larreinetako geltokitik kilometro eskasera Zugastietako herrixka aurkituko dute. Eta bidean aurrera doazela, antzinako meatzeen esparruak ikusiko dituzte, gaur egun, aisialdirako gune zoragarri bihurtuta. Bertan ikusi daitezkeen urmaelak ez dira lakuak, baizik meazulo zaharrak urez beteta. Meatzariak, zulatu eta zulatu, barren-barrenera iritsi ziren eta lurrazpiko erreketako urez bete zituzten meazuloak.

Zugastieta atzean utzi, eta meatzarien bide zaharretik gorantz doazela, burdinak urratutako inguruetara iritsiko dira. Bertan, Pickwik meatzearen azken aztarna begiztatuko dute: kareharrizko, iratzezko eta goroldiozko labirintua. Garai batean meatze izandako lursailetan egun Meaztegi golf-kluba dago.

Bidean gora, Arbaltzagako Ingurugiroa Ezagutzeko Zentrora iritsiko dira. Bertan, meatzariek antzina erabiltzen zituzten gauzak ikusi ahal izango dituzte, esaterako, burdin minerala garraiatzeko erabiltzen zuten aireko tranbia. Aurrera jarraituz, ibilbideko tokirik garaienetara iritsiko dira: Picomenor eta Ganeran mendiak. Metro batzuk beheraxeago, Pietateko ermitaren hondakinak topatuko dituzte.

Bidean mendebalderantz eginez, meatze hauen gunerik garrantzitsuenera iritsiko dira: Sauco kooperatiba, meatzariek elikagaiak erosteko izan zuten toki bakarra. Mendi-hegalean behera doazela, berehala, Galdames ibarra begiztatuko dute. Hara iritsi aurretik, baina, Magdalena meatzea eta bertan dagoen ermita bisitatuko dituzte.

Galdameseko La Aceña auzora iritsiko dira. Barbadun ibaian behera doazela, bete-betean, bide berde batean sartuko dira. Uretan beherantz, Muskiz aldera, doazela, Muñatones gazteluaren ingurura iritsiko dira. Baina, nahitaez, aurretik, El Pobal burdinolan geldialdia egingo dute. Bizkaiko burdingintzaren historiaren harribitxia dugu, XVI. mendean eraikia.

Aurrera eginez, Pobeñara eta La Arena hondartzara iritsiko dira, autobidearen zubiaren azpitik igarotzen den bide berdeari jarraiki. Baina bideari ekin baino lehen, Muñatones gazteluan sartu-irtena egingo dute. La Arenan aireko tranbiaren habeen hondakinak topatuko dituzte, Carmen meatzetik burdina garraiatzeko erabiltzen zena.

Ibilbideko azken txanpan, Pobeñaruntz joko dute, burdinak meatzean hasitako bidaia luzea non amaitzen zen ikusteko. Campomar muinoan Bizkaiko mineral-garbitegirik handiena egon zen. Emakume askok eta askok “hautaketa” izeneko lanean jarduten zuten. Eta itsaslabarraren ertzean bertan, El Castillo Puntako zama-lekua dago. Hemendik eramaten zuten burdin minerala Europa osoko labe garaietara.

Burdinaren bidea atala ostiral honetan izango da ikusgai, 21:45ean, ETB-1en.

 




Erantzunak:
Ez dago erantzunik mezu honetan.
Iruzkin bat egin
Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.


authimage Zenbaki hauek idatzi, gizaki bat eta ez zerbitzua erabili nahi duen programa informatiko bat zarela egiaztatzeko.

Aukerak:
 
Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)

 
Internet, telebista, irratia, prentsa idatzia eta audientzia izango dira gure gaiak blog honetan.
Azken erantzunak
Atalak
Audientzia (26)
Internet (48)
Irratia (21)
Telebista (258)
Bilaketa
Iruzkin gehien jaso dituztenak
'Noaoa!' umore saio berria prestatzen ari da Anjel Alkain eta bere taldea ETB-1erako (11)
Radio Euskadik eta Euskadi Irratiak gero eta entzule gehiago dituzte (11)
Olasagasti versus Mindegia Bi Errepidean saioan (7)
Joxe Cruz eta Gorka Erletxean berriro (7)
Balbemendiko misterio guztiak igandean argituko dira (7)
'Esto no es serio ¿o sí?' umore saio berria prestatzen dabil ETB-2 (6)
Telefonoz deitu minbiziari aurre egiteko (6)
A zer koadrila ETB1eko Gabon Gaueko saio berezian! (5)
Juanito Oiarzabal eta Mikel Goñi aurrez aurre Patagonian, nork irabaziko ote du? (5)
Pilotari gazte baten bizipenak (5)
Artxiboak
EiTBren beste blog batzuk
Esteka Interesgarriak
Blog hau sindikatu