Inprimatu Inprimatu    Castellano   
Komunikablog
Komunikazioari buruzko bloga
2007/05/04

Ainhoa Larretxeak eta Africa Baetak ez dute aurkezpen handirik behar. Urteak daramate ETBko asteburuetako albistegiak aurkezten. “Egia esan, hainbeste urte dira ez dakidala ziur, jarraian 7-8 bat urte izango dira asteburuz ari naizela. Hastapenak, ordea, aspaldikoak dira. 1988an bekadun sartu nintzen eta orduz geroztik era batera edo bestera etxe honi lotuta egon naiz” dio Ainhoak. Africaren ibilbidea bestelakoa izan da. Euskal Telebistak 2000ko udan antolatutako castingera aurkeztu zen. “Irratian entzun nuen ETB aurkezle bila zebilela. Hainbat proba gainditu eta gero, aukeratu egin ninduten”.

 


Biak ala biak, gustura ari dira “Gaur Egun” eta “Teleberri”n lanean. Asteburuko txandan aritzeak bere abantailak dituela aitortu digute gainera. “Ikus-entzuleak aste barruan baino patxada handiagoz ikusten du albistegia, eta aurkezlearen gertutasuna eta lasaitasuna eskertzen ditu. Bestalde, lan-talde ederra osatzen dugu, hamabi ordu ematen ditugu elkarrekin eta familia bat bezala gara” dio Africak.                              

Hurbiltasuna azpimarratu du Ainhoak ere, “kontatzeko modua gertuagokoa izateko ahalegin berezia egiten dugu. Aktualitateari lotutako gaiez gain, gai arinagoak, sozialagoak lantzen ditugu. Ostegun eta ostiralean prestatzen ditugu, denboraz, eta erreportaje sakonak egiten ditugu”.

Ainhoak dio astelehenetik ostegunera jai edukitzea luxu handia dela, lana eta familia uztartzea errazagoa da. “Bi seme ditut, txikiak, eta beraiekin egoteko denbora asko eskaintzen dit ordutegi honek. Hori bai, gogorra ere bada asteburua heldu eta ezin plan berezirik egin denak elkarrekin, beste familia guztiak bezala....Dena den, hainbeste urte daramatzat asteburutan lanean, dagoeneko ohitu naizela”.

Ainhoak bezalaxe, gaurkotasuneko gertaeren zurrunbilotik at ematen du astea Africak, Iruñean, senarrarekin eta hiru seme-alabekin. Kataluniarra da jaiotzez, baina 17 urte zituenetik bertan bizi da. “Kazetaritza ikastera etorri nintzen eta bertan geratu naiz”. Ainhoak, Donostian jaio bazen ere, hernaniartzat du bere burua, han bizi izan baitzen urte askoz. Egun Gipuzkoako hiriburuan bizi da.

Telebistak duen boterea azpimarratzen du Africak, irudiaren eta soinuaren bitartez errealitatea den bezala azaltzen delako. “Une honetantxe Somalian, Bilbon edo Parisen gertatzen ari dena erakusten dugu eta ikusleek ez dute bestelako azalpenik behar”.

“Teleberri” bakoitza eta albiste bakoitza erronka bat da kazetari honentzat. “Nire helburu nagusia komunikatzaile ona izatea da. Behin hauxe esan zidaten: telebistan zure azkeneko lanaren arabera epaitzen zaituztela. Egun bakoitzeko lana azterketa baten modukoa da niretzat eta ikasteko ere balio dit”.
Zerbait ondo komunikatzeko gai horri buruzko ezagutza izatea ezinbestekoa da. “Ni ez nator albisteak irakurtzera. Aurkezpen bakoitza nik idazten dut, baina horrek aurretiko lana eskatzen du, zertaz ari zaren jakin behar duzu ikusleari transmititzeko”.

Ainhoa bat dator. Bere esanetan, komunikatzaile ona izateko ez dago formula magikorik, “naturaltasuna, gauzak kontatzea eta ez irakurtzea....”. Landu daitekeen zerbait dela uste du, baina gaitasun edo dohain berezi bat ere behar da. Esperientziak erakutsi dio hori Ainhoari. 20 urte daramatza telebistan eta profesionalki asko ikasi duela dio, “baina batzuetan hasi berri bat bezala sentitzen naiz...hainbeste daukat oraindik ikasteko!. Orduko ilusioa ez dut galdu, zorionez....behar bada nire lana asko gustatzen zaidalako” gaineratu du.

Familiak eta lanak oso denbora gutxi uzten diote Ainhoari ezer egiteko. Irakurtzea gustuko du eta kirol apur bat egitea ere bai. “Duela denbora gutxi footinga egitea erlaxatzeko modu ona dela deskubritu dut” gaineratu du. Africaren zaletasun handiena margotzea da, baina ez du denborarik. “Egunak ordu gehiago beharko lituzke horretan aritzeko” dio. Bruce Springsteenen musika atsegin du.




Erantzunak:

1. Afrika Baeta da Etb-n albistegian egon den emakumerik politena, musu bat politta!
Unai - 2007/05/07 08:56:08

Iruzkin bat egin
Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.


authimage Zenbaki hauek idatzi, gizaki bat eta ez zerbitzua erabili nahi duen programa informatiko bat zarela egiaztatzeko.

Aukerak:
 
Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)

 
Internet, telebista, irratia, prentsa idatzia eta audientzia izango dira gure gaiak blog honetan.
Azken erantzunak
Atalak
Audientzia (26)
Internet (48)
Irratia (21)
Telebista (258)
Bilaketa
Iruzkin gehien jaso dituztenak
'Noaoa!' umore saio berria prestatzen ari da Anjel Alkain eta bere taldea ETB-1erako (11)
Radio Euskadik eta Euskadi Irratiak gero eta entzule gehiago dituzte (11)
Olasagasti versus Mindegia Bi Errepidean saioan (7)
Joxe Cruz eta Gorka Erletxean berriro (7)
Balbemendiko misterio guztiak igandean argituko dira (7)
'Esto no es serio ¿o sí?' umore saio berria prestatzen dabil ETB-2 (6)
Telefonoz deitu minbiziari aurre egiteko (6)
A zer koadrila ETB1eko Gabon Gaueko saio berezian! (5)
Juanito Oiarzabal eta Mikel Goñi aurrez aurre Patagonian, nork irabaziko ote du? (5)
Pilotari gazte baten bizipenak (5)
Artxiboak
EiTBren beste blog batzuk
Esteka Interesgarriak
Blog hau sindikatu